Badira hiru urte abentura hau hasi genuela; Nor izena emon genion mugimendu antiespezistaren aldarriak komunikatu nahi dituen eragileari. Horixe baita proiektu hau: Euskal Herriko mugimendu antiespezistako kideekin saretu eta sistema desafiatuko duen antolakuntza eraiki nahi duen taldea.
Komunikazioaren arlotik egiten dugu ekarpena, animalien egoeraren berri emanez eta Euskal Herrian animalien alde egiten den ekintza oro kontatuz. Lan horrekin jarraitu nahi izan dugu aldizkari honetan, orain arteko lana bilduz eta garatutako materiala zabalduz.
Baina argi daukagu gure lana ez litzatekeela posible izango bidelagun izan ditugun militante eta ekintzaile guztiak gabe. Haiei esker, hamaika gertakizun izan dira urte hauetan, Euskal Herriko txoko guztietan sakabanaturik.
Antiespezistok hiru urte daramatzagu Bilbon, urteroko manifestazioan, animalien askapena ohiukatzen. Hiru urte dira Donostian, Ursularen erakustaldiarekin bukatzeko asmoz, zenbait aktibista haren kaiolan sartu izan zirela. Bestalde, argitaratu da espezismoari buruz euskaraz egiten duen lehen liburua, eta Korrikan ere euskaraz egin da animalien aldeko aldarria. Elkarrekin bildu gara topaketetan formakuntza saioak egiteko, jolasteko eta harremanak indartzeko. Abestiak dantzatu dira, kaleak apaindu, ikerketak egin eta ehiza dorreak eraitsi.
Hori dena gogoan izateko helburuarekin idatzi dugu esku artean daukazun aldizkaria. Ezin dugulako ahaztu orain artekoa, gure bidea ibilitakoak ere sortzen du-eta, aurretik izan ditugun ekintzaile guztiekin batera.
Indartu dezagun Euskal Herriko mugimenduak azken urteetan sortutako aliantza, elkarrengandik ikasiz eta ortzi muga berrien alde borrokatuz. Gure txikian, handiak gara elkarrekin. Pausoz pauso jarraituko dugu borrokan, gizarteak animaliekin duen harremana errotik aldatu arte. Horregatik sortu ginen, eta horregatik jarraitzen dugu lanean.
- Autorea: NOR antiespezista
- Orri zenbakia: 100
- Tipo de producto
- Revista